Aritz Aranburu Azpiazu (Zarautz, Gipuzkoa, 1985eko abuztuaren
30a - ) surflari
profesionala da. 2007ko
Europako
Txapelduna eta 2008tik
aurrera, ASP World Tour zirkuituan parte hartu du, munduko 45
surflari onenen artean. Hori lortu duen bosgarren europarra eta lehenengo
euskal herritarra da. 2007an, Kirolari Onenaren Euskadi
Saria jaso zuen, beste kirolari batzuekin batera. 2008ko urtarrilean, Euskadi
Irratia Saria jaso zuen, 2007ko kirolari onena izan zela eta.
Bizitza
Zazpi urterekin hasi zen surf egiten. Euskadiko
Txapelketa irabazi zuen 12 urtez azpiko kategorian, bai eta 18 urtez azpikoan
ere. Euskal Herriko Surf
Federazioak hautatua, Europako Txapelketan parte hartu zuen, 14 urtez
azpiko eta 16 urtez azpiko kategorietan. Nazioarteko lehenbiziko garaipena Capbretonen
(Frantzia) lortu zuen, Pro Junior Txapelketan, 14 urtez azpiko kategorian. Europako Surf Federazioak
aukeratua, Euro-Afrika Txapelketan hartu zuen parte, 16 urtez azpiko
kategorian, eta lehen eta bigarren izan zen, hurrenez hurren, Namibiako eta Hegoafrikako
probetan. 21 urtez azpiko kategorian, bi aldiz bigarren izan zen Europako
Txapelketan, eta beste bi aldiz bosgarren Munduko Txapelketan.
Azken urteotan Europako Zirkuitu Absolutuan hartu
du parte. 2007an Zarauzko Pro Surf lehiaketa irabazi
eta Europako txapeldun izan zen. Munduko WQS Zirkuituan ere parte hartu du.
2007an seigarren geratu zen. Lehenengo 15en artean sailkatzeak aukera eman zion
WCT Zirkuituan parte hartzeko, hau da,
munduko 45 surflari onenen artean lehiatzeko. Zirkuitu horretan sartzea lortu
duen bosgarren europarra da, eta lehenengo euskal herritarra. 2007an, Kirolari Onenaren Euskadi
Saria jaso zuen, beste kirolari batzuekin batera. 2008ko urtarrilean, Euskadi
Irratia Saria jaso zuen, 2007ko kirolari onena izan zela eta.
Palmaresa
2007an, WQS zirkuituan hiru izarretako Zarautz Pro Surf proban garaipena lortu zuen bere herrian. Geroago, Frantzian Europako Txapeldun izan zen. 2007ko azaroan, Hawaiin
jokatutako sei izarretako probako finalerdietara iritsi ostean, WQS
zirkuituko lehenengo 15en artean sailkatzea lortu zuen matematikoki.
Horrek eskubidea eman zion hurrengo denboraldian munduko mailarik
onenean jokatzeko, WTC zirkuituan, munduko 45 surflari onenen artean.